Urtarrilaren 19an 60 lagunek baino gehiagok hartu zuten parte aurrez aurre eta online “Zerbitzu ekosistemikoengatiko ordainketak” jardunaldian, Zallako El Longar aretoan.
Enkarterrialdek antolatutako jardunaldiak hitzaldien eta mahai-inguru baten bidez jakinarazi zituen basoek ematen dituzten produktuak eta zerbitzuak eta horiek nola balorizatu.
Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak eman zien ongietorria bertaratuei, eta Euskadiren etorkizuna baso sektorea dela azpimarratu zuen. Enkarterri ere aipatu zuen Orozek, eta oso potentzial handiko eskualdea dela esan zuen.
Ondoren, lehenengo hitzaldia izan zen, “Zerbitzu Ekosistemikoengatiko ordainketak eta horiek Bioekonomian duten integrazioa”, eta Baskegurreko Josu Azpitarte izan zen horren guztiaren onuren berri eman zuena. Gero, Leire Salaberriak, Europa Hegoaldeko Basozainen Batasuneko (USSE) kideak, Sincere proiektua aurkeztu zuen, basoen zerbitzu ekosistemikoak kuantifikatzeko mekanismo berritzaileak sustatzen dituena. Ondoren, Aitor Onaindia Basoa Fundazioko kideak hitz egin zuen, eta Berriatuko proiektu pilotu baten berri eman zuen; eta, amaitzeko, Eduardo Rodríguez Bizkaiko Baso Elkarteko kideak Enkarterriko egoerari buruzko hausnarketa egin zuen.
Galderen txandaren ostean, mahai-ingurua izan zen kide horiekin guztiekin eta Hazi Fundazioko Iñaki Generabarrenarekin. Euskadiko baso arloaren etorkizuna, epe ertainean aurreikusten den egiturazko aldaketa, herritarren perspektibaren garrantzia, belaunaldi-erreleboa edo basoen kudeaketan aurrera egiteko Enkarterrik duen ahalaz aritu ziren.
Jardunaldiak hiru ordu inguru iraun zuen, eta graphic recording bat egin zen, hau da, jardunaldiko edukien denbora errealeko ilustrazioa, giltzarriak grafiko batean islatuz. Dokumentu hori parte hartu zuten guztiei igorriko zaie.
“Zerbitzu ekosistemikoengatiko ordainketak” jardunaldia Enkarterri Open Lab-eko basogintza arloan kokatu behar da, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera lantzen ari den proiektuan. Eskualde osasuntsua, berritzailea eta adimentsua balioan jartzeko xedea du hasieratik, bioekonomiarako urratsak emateko.
“Zerbitzu ekosistemikoengatiko ordainketak” gaiari buruzko urtarrilaren 19ko jardunaldia galdu zenuen?
Hemen duzu bideorako esteka eta bertan Enkarterrin ere basoen etorkizunari buruzko hitzaldi eta inpresio guztiak entzun ahal izango dituzu.