HAZI Fundazioa batzen ari da hainbat eragilek martxan jarri dituen ekimenak gure inguruan Covid-19 birusak lehen sektoreko zuzeneko salmentan duen eragina gutxitzeko asmoz. Informazio hau eguneratzen joango da ekimen berriak ezagutu ahala.

BBK AZOKA

BBK Azoka BBK-k sustatutako ekimena da. Horren bidez, kontsumitzaileei salmenta online egiteko kanala eskaintzen die Bizkaiko nekazari eta abeltzainei zuzenean nekazaritza-produktuak erosteko, bitartekari barik. Gainera, bilatzen du Bizkaiko nekazaritza-produkziorako eredua ezagutzera ematea.

Sarbidea: https://www.bbkazoka.eus/

EtxEKO azoka

Gipuzkoako produktu ekologikoak Donostiako etxeetara zuzenean iristeko ekimena da EtxEKO azoka. Donostia inguruko hainbat ekoizle eta egilek bat egin dute Gipuzkoako hiriburuan banaketa kolektiboa egiteko, eta ekimenari deitu diote:EtxEKO Azoka.

Ekimen honek Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren babesa du. Sareko.net webgunearen bitartez, sasoiko barazkien, ardi eta behi esne eta esnekien, arrautzen, zereal ezberdinetatik datozen ogien, sagardoaren, Idiazabal gaztaren eta beste hainbat produkturen eskaintza zabala eskura dituzu, betiere Gipuzkoan eredu ekologikoan ekoitzita. Eskaerak gutxienez bi egun lehenago egin behar dira, eta banaketa astearteetan eta ostiraletan egiten da.

Gaur egun EtxEKO Azokak Donostian bakarrik banatzen badu ere, zerbitzu hori beste leku batzuetan eskaini ahal izateko lanean ari dira.

Sareko.net-era sarbidea: https://sareko.net/

UAGALUR

Uagalur da Arabako nekazaritza sektoreak bultzatu duen ekimen komertziala da. Horren bidez, saldu nahi dituzte euren produktuak zuzenean, bitartekari barik. Euren online dendaren bidez, aurkitu ahal dituzu UAGA sindikatuari lotutako nekazaritza ustiategien produktuak. Bere helburua da nekazaritza eta abeltzaintza ustiategiei irtenbide berria ematea euren produktuak merkaturatzeko, euren merkaturatze kanalak laburtzeko, bitartekariak saihestuz eta produktore eta kontsumitzailearen arteko harreman zuzenaren alde eginez.

https://www.uagalur.com/

BASERRIKO PLAZA

Ehkolektiboa, beste hainbat eragilerekin batera, web plataforma bat sortzen ari da COVID 19ko krisiari aurre egiteko eta Euskal Herriko nekazari eta baserritarren produktuak herritarren eskura errazago jartzeko.

Informazio osoa: https://baserrikoplaza.eus/

URDUÑAKO MERKATUA

Urduñako merkatua izan da itxi behar izan den bat. Honi aurre egiteko, Urduñako Zaporeak-ek martxan jarri du ekimen bat merkatuan dauden produktuak etxez etxe banatzeko. Horrela, apirileko lehen astean, telefono bidez egin ahal izango da eskaera telefonoz apirilaren 2a baino lehen eta etxeetara banatu egingo da apirilaren 4an.

Informazio osoa: https://aiaraldea.eus/urduna/1585669398919-hileroko-baserritarren-merkatua

NEKAZAMUDIO

Zamudioko merkatua ere gaur egungo egoerak kaltetu duenetako bat da. Facebook-en profila dute eta haren arabera produktoreen gidaliburuari eman nahi diote hauspo, zuzenean produktorearekin harremanetan jartzeko eta gura duzun eskaera egiteko.

Sartu hemen euren profilean: https://www.facebook.com/Nekazamudio-286478711722766/

URIBE BUTROE ELIKADURA BURUJABETZAri bidea egiten

Uribe Butroeko kontsumitzaile eta produktore talde batek martxan jarri duen ekimena da. Whatsapp bidez elikagaien eskaerak egin daitezke 8 produktore agroekologikorekin. Banaketa egingo da asteazkenetan Arrieta, Fruiz, Gamiz-Fika, Bakio-Jatabe-Laukiz eta ostegunetan Meñaka, Mungia, Gatika eta Larrauri. Larrialdi egoera honi erantzuna emateko ekimena bada ere, aurreraxeago indarrean mantentzea ari dira pentsatzen.

Informazio osorako sartu: https://www.bakio.eus/es-ES/Noticias/Documents/20200325_URIBE_BUTROEN_OSATUA.pdf

TOKIKO MERKATUETAN SALTZEN ZUTEN BASERRITARREI ARRETA ZERBITZUA

Eusko Jaurlaritza eta Euskadiko hiru aldundiak, HAZIrekin batera, martxan jartzen ari dira merkatuetan saltzen zituzten baserritarren produktuak batu eta merkaturatzeko zerbitzua.

Zure kasua bada, sartu hemen informazio osoa eskuratzeko: https://www.hazi.eus/eu/noticias-hazi-2/10604-el-gobierno-vasco-las-diputacion-forales-y-hazi-crearan-un-servicio-de-recogida-y-comercializacion-de-productos-de-los-y-las-baserritarras-2.html

TOLOSAKO “AZOKA ZURE ETXERA”

Tolosako Udalak “Azoka zure etxera” ekimena abiaraziko du aste honetan bertan, ekoizleekin elkarlanean, elikagaiak saldu eta erosteko aukera bermatzeko helburuarekin. Eskariak telefonoz, WhatsApp bidez edo posta elektronikoz egin eta elikagaiak etxera banatuko dira, ekoizle bakoitzak zehaztutako maiztasunaren arabera.

Informazio gehiago: https://udala.tolosa.eus/eu/berriak/koronabirusa/azokako-produktuak-etxez-etxe-banatzeko-eta-herriko-dendetan-saltzeko-bi?fbclid=IwAR2JtIVeI2DW7ssRjZbg6pOpNkV75BKD0erhv9zQXRONk-F6q-RWQGvu5jM

Leave a Reply