Euskadiko Elikadura Klusterra eta Eroski taldea izango dira protagonista, Enkarterri Open Lab/Bizi proiektuaren barruan egingo diren bi online jardunaldietan

Enkarterrialde landa garapeneko elkarteak nekazaritzako elikagaien inguruko Enkarterri Open Lab /BIZI estrategia aktibatu du berriro ONLINE formatuan, martxoan Balmasedan antolatu behar ziren topaketak alarma egoeraren eta osasun krisiaren eraginez atzeratu ondoren.

Hurrengo aste hauetan jardunaldiak antolatu ahal izateko xedearekin, online sarbidea emango zaie elikagaien balio-kateko zenbait kideri, modu horretan martxoan atzeratu ziren jardunaldiak berriro martxan jartzeko. Enkarterri Open Lanb/Bizi programaren barruan, maiatzaren 28tik ekainaren 4ra bitartean, bi jardunaldi (bideokonferentziak/webinarrak) egingo dira; horietan, Eroskiren eta Euskadiko Elikadura Klusterraren zenbait ordezkarik nekazaritzako elikaduraren berrikuntzari buruz eta Enkarterriko eskualdearen aukerei buruz hitz egingo dute.  

Programa ENKARTERRI OPEN LAB proiektuaren baitan dago, eta 2019ko irailean sortu zen, nekazaritzako elikaduraren sektorean berrikuntzarako aukerak hautemateko helburuarekin, elikaduraren balio-katea osatzen duten eragileen arteko aliantzak, konexioak eta elkarketak baliatuz, kalitatezko tokiko produktuak kontsumitzaileei hurbilduz eta Enkarterri lurralde berritzailea bihurtzearen aldeko apustua eginez, gastronomia, elikadura eta bizitza osasungarria garapenaren ardatzean jarrita.

Proiektuaren lehen ekintza iazko azaroan egin zen, Bootcamp izenpean, eta oso arrakastatsua izan zen, bertaratutakoen kopuruari eta eragile parte-hartzaileen inplikazioari dagokienez.

Ondoren, aurtengo martxoan, Enkarterri Open Lab/Bizi jarri zen martxan; oinarrian, kasu arrakastatsuei buruzko bi prestakuntza-jardunaldi ziren, nekazaritza elikaduraren balio-kateari lotutako pertsona eta ekimenen artean loturak sortzeko helburuarekin. Hala ere, alarma egoeraren eta osasun krisiaren ondoren, atzeratu egin behar izan ziren, ohar berriren bat jaso arte.

Orain, berriro jarri dira martxan online formatuan, ADR Enkarterrialdek eta DOT S.Coop. talde teknikoak dinamizatutako bideokonferentzien/webinarren bitartez. Bi jardunaldiak daude zuzenduta elikadurari, gastronomiari, nekazaritzari eta abeltzaintzari buruzko ideiak edo interesa dituzten pertsonei, baita sektore horretan aritzen diren enpresei ere. Parte hartu ahal izateko, ordenagailua, tableta edo mugikorra baino ez da behar, Google Meet aplikazioaren bitartez konektatzeko.

Lehenengo topaketa maiatzaren 28an izango da, 16:00etatik 17:00etara, Eroski taldearen arduradunen eskutik; zuzen-zuzenean emango dituzte ezagutzera hala tokiko produktua sustatzeko estrategia nola gaur egun esku artean dituzten proiektuak. Jardunaldiko gonbidatua Javier Bilbao izango da, Eroski taldearen eskualdeko merkataritza-arduraduna.

Beste jardunaldia ordu berean izango da, ekainaren 4an. Egun horretako topaketaren protagonistak Euskadiko Elikadura Klusterraren arduradunak izango dira. Plan estrategikoa ezagutarazteaz gain, kontsumo-joerei eta esperientzia arrakastatsuei buruz mintzatuko dira. Bestalde, parte hartzen duten Enkarterriko ekimenek euren proiektuak aurkeztu, eta Klusterrarekin eta haien jarduerekin loturak estutu ahal izango dituzte. Jardunaldi horretan, gonbidatuak Virginia Matesanz, Euskadiko Elikaduraren Klusterraren Berrikuntzako Proiektuen zuzendaria, eta Jon Ander Egaña, Klusterraren kudeatzailea, izango dira.

Bi jardunaldiek egitura bera zaingo dute: azalpen zatia hizlarien eskutik, eta parte-hartzaileen arteko elkarrekintzarako zatia, haien zalantzak, proposamenak eta beharrizanak adieraz ditzaten.

Izena ematea dohainik izango da.

Bootcamp eta Enkarterri Open Lab/Bizi ekimenen ostean, egitasmo honen estalpean, Enkarterri Open Lab/Fest ere antolatuko da; horren xedea izango da nekazaritzako elikaduraren sektoreko balio handiko proiektuak ezagutaraztea. Egungo osasun krisiaren aurrean, proiektu hau gauzatzeko formatu egokiaren inguruan hausnartzen ari dira oraindik.

IZENA EMAN HEMEN:

JARDUNALDIA MAIATZAK 28

JARDUNALDIA EKAINAK 4

 

Leave a Reply