Artzentales-EKO eta Magora Bakery finalisten artean gelditu dira, asteazken honetan egindako sari-banaketa birtualaren galan
Epaimahaiak ez du lan erraza izan Enkarterri Open Lab 2020 sariaren lehen edizioko irabazlea aukeratzeko orduan. 17 hautagaitza aurkeztu ziren Enkarterrin nekazaritzako elikagaien sektoreko proiektu berritzaile onenaren saria irabazteko, eta, azkenik, Enkarterriko Vista Alegre baserriak, esnetarako behien eta gaztagintza ekologikoaren abeltzaintza-ustiategiak, jaso du saria.
Epaimahaiaren erabakia gala birtual batean eman zen ezagutzera. Galan parte hartu zuten, besteak beste, Cristina Múgica Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Lehiakortasuna eta Turismoa Sustatzeko zuzendari nagusiak, Ander Rivera Balmasedako Udaleko kultura-zinegotziak, Raquel Larruskain Enkarterrialdeko lehendakariak, eta enpresetako ordezkariek, sariaren babesleen ordezkariek nahiz sarirako hautagaien ordezkariek.
Galan, akta irakurri zen, eta bi enpresa finalisten berri ere eman zen: Artzentales-EKO (Artzentales) eta Magora Bakery (Karrantza).
Ostiralean, uztailaren 17an, sei enpresa finalistak iragarri ziren, lehenengo aukeraketa egin ondoren. Hauek izan ziren: Artzentales-EKO, Kaitxo, Lactebal, Magora Bakery, Maiken Brewery eta Vista Alegre baserria.
Nekazaritzako elikagaien esparruko berrikuntzari emandako sari honen irabazleak 2.000 euroko ekarpen ekonomikoa jasoko du, eta, lehen edizio honetan finalista izan diren beste bi enpresekin batera, JC Decaux enpresaren babes komunikatibo berezia ere izango dute. Enpresa horrek bere euskarri digitalak eskainiko dizkie Bilbon, haien proiektuak ikusgai jartzeko, eta Enkarterrialdek, bestalde, sare sozialetan zabaltzeko aukera emango die. Horrez gain, hiru enpresek sariaren egiaztagiria ere jaso dute.
Nekazaritzako elikagaien berrikuntzaren arloko adituek osatu dute epaimahaia, eta Cristina Múgicak, Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Lehiakortasuna eta Turismoa Sustatzeko zuzendari nagusiak, eta DOT, Ashoka, Eroski Taldea, Tekniker, Mondragon Team Academy, JC Decaux, Leartiker, Hazi edo BBK-ko ordezkariek ere hartu dute parte, baita Raquel Larruskain Enkarterrialde landa-garapenerako elkarteko presidenteak eta Aitor Larrinaga Balmasedako alkateak ere.
Sari honen helburua da eskualdean nekazaritzako elikagaien sektorearen barruan aritzen diren enpresa berritzaileei duten balioa esleitzea, hainbat eragile nekazaritzako elikagaien balio-katera lotuz, sektorean jarduteko eta berritzeko xedez.
Enkarterri Open Lab proiektuko Enkarterri Open Lab/Fest ekimenaren barnean kokatzen da sari honen antolaketa; Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak finantzatzen du proiektua, eta Enkarterrialdek bultzatzen du, Balmasedako Udalaren laguntzarekin.
Vista Alegre baserria
Vista Alegre baserria Karrantzako bailaran kokatuta dago, Bizkaian.
Esne-behiak dituzte, eta, 2011tik, beren esnea pasteurizatzen dute, eta jogurtak eta gazta egiten dituzte baserrian kokatutako gaztandegian. Euren baserriko esnea soilik erabiltzen dute, kalitatea lehenetsiz.
2013ko apiriletik, baserri ekologikoaren ziurtagiria du, eta, beraz, baserriko produktu guztiek ere ziurtagiri bera dute.
Vista Alegre baserria proiektua baserri horretako behien esnea ekoizteko eta merkaturatzeko orduan berrikuntzak egitean datza, industriari soilik saldutako esnearen produkzio intentsiboaren ereduarekin gero eta arazo gehiago izaten ari baitziren.
Abeltzaintzako abereen kudeaketan berritzea lortu dute, kudeaketa ekologikorako jarraibideak erabiliz (sintesiko produktu kimikoak, antibiotikoak, transgenikoak, azienda pilatzea, etab. baztertuz). Proiektuak, era berean, etxaldeari erantsitako gaztandegi bat eraikitzea eta martxan jartzea ekarri du; bertan, jogurta eta lau gazta mota ekoizten dituzte, eta bertako esnea pasteurizatzen dute.
Esneki horiek hainbat azokatan, dendatan eta ostalaritzan saltzen dira, bitarteko enpresarik gabe. Aztarna ekologikoa murrizteko beste prozesu batzuetan ere egin dituzte berrikuntzak (ontziak berrerabiltzea, eguzki-panelak, ur-zirkuitu itxiak…); horrez gain, kontsumitzaileekin duten lotura berreskuratzeari ekin diote, webgune hirueledun baten bitartez (www.vistaalegrebaserria.com) eta baserrira bisitak antolatuz.



