RIS3 estrategiaren baitan kokatuta dago, eta abenduaren 10ean egingo da, telematikoki

Enkarterrialde landa-garapenerako elkarteak “Elikagaien bioteknologia eta kontsumo-joerak” jardunaldia egingo du abenduaren 10ean, RIS3 elikaduraren esparruan espezializazio adimentsua lortzeko ikerketa- eta berrikuntza-estrategiaren barruan.

COVID-19ak sortutako egoera dela eta, jardunaldia plataforma digital bat baliatuta egingo da, parte-hartzaileen segurtasunari eusteko.

Ordu eta erdiko iraupena izango du, eta goizeko 10:00etan hasiko da, Javier Plasencia Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ongietorriarekin. Jarraian, Virginia Matesanz Euskadiko Elikaduraren Klusterreko kideak parte hartuko du, “Kontsumitzailearen premiei aplikatutako bioteknologia” izeneko hitzaldiarekin.

10:45ean, Maitane Alonso enkarterriarraren txanda izango da. IAM Innovating Alimentary Machines enpresako kideak “Nola kontserbatu elikagaiak, saiakeran hil gabe?” hitzaldia aurkeztuko du.

Proposamen interesgarri horren ondoren, 15 minutuko txanda irekiko da, jardunaldiari buruzko zalantzak eta galderak erantzuteko. Amaiera 11:30ean egingo dute online plataforman.

RIS3 jardunaldi berri hau elikagaien balio-kateari lotutako enpresa-ehunari zuzenduta dago, batez ere ekoizpen- eta eraldaketa-faseari, eta, jakina, elikagaien bioteknologiari eta kontsumo-joerei buruz ikasteko gogoa duen edonori.

Hala, helburu nagusia da enpresa-ehun hori elikagaien industriarako aukera gisa ezagutaraztea, ekoizpena eta eraldaketa hobetuta; baita Enkarterrin ekimenak sustatzeko enpresa-sarearekin konektatzea ere, eta informazioa jasotzea elikadura jasangarri eta osasuntsuarekin sentsibilizatutako kontsumo-joera berrien inguruan.

Parte hartu ahal izateko, online inprimaki bat bete behar da, eta interesdunak bere datuak eman beharko ditu. Inprimakia enkarterrialde.eus webgunean dago. Izena eman ostean, esteka bat bidaliko da abenduaren 10eko jardunaldirako plataforma digitalean sartzeko.

Iaz esnearen sektoreko berrikuntzan izandako arrakastaren ondoren, oraingoan, Enkarterrialdek antolatutako jardunaldi honetan Innobasquek, Eusko Jaurlaritzak, RIS3 Euskadik eta Basque Innovationek kolaboratu dute.

 

Leave a Reply