ADR Enkarterrialde

“Esne-sektorean berrikuntza aktibatuz. RIS3”

Aurreko edizioak izandako arrakastaren ostean, Enkarterrialde landa-garapenerako elkarteak eta HAZI Fundazioak beste jardunaldi bat antolatu dute, “Esne-sektorean berrikuntza aktibatuz. Elkarlan eta birmoldaketa eredu arrakastatsuak” izenburupean. Elikaduraren esparruan, adimendun espezializaziorako ikerkuntza- eta berrikuntza-estrategiaren (RIS3) baitan dago sartuta ekimena, eta azaroaren 19an egingo da, 11:00etatik 14:00etara, Balmasedako Horkasitas jauregian.

Euskadiko esne-produktuen sektorean arrakastatsuak izan diren enpresa-ekimenak ezagutaraztea da topaketa honen xedea; horretarako, berrikuntzarekin lotutako erreferentziazko kasu interesgarri batzuk aurkeztuko dira. Hori dela-eta, jardunaldi hau lehen sektorearekin eta, zehazki, esne-produktuen sektorearekin lotutako enpresei, kolektiboei eta elkarteei dago zuzenduta.

Parte-hartzaileak Horkasitas jauregian elkartuko dira, azaroaren 19an, 11:00etan. Une horretan, ongietorria egingo zaie, eta testuinguruan jarriko da jardunaldia.

11:15etik aurrera, aurkezpenei emango zaie hasiera. Lehenik eta behin, “Antolaketa-berrikuntza abere-ustiategi batean” hitzaldia egingo da, Matienzoko (Karrantza) El Haya abeletxearen eskutik.

Jarraian, Balmasedako Lactebal enpresaren txanda izango da; hasteko, “Zer egiten du halako enpresa batek halako leku batean?” hitzaldia egingo du, eta, ondoren, kafea hartzeko atsedenaldiaren ostean, Altzoko (Gipuzkoa) Behieko enpresaren proiektuaren berri emango da, “Produkzio ekologikoranzko birmoldaketa izan duten ustiategien arteko lankidetza eredua” izenburua duen hitzaldian.

Amaitzeko, Karrantzako Vista Alegre baserriak bere esperientzia partekatuko du bertaratutakoekin, “Berritzea, ekologia oinarri hartuta” hitzaldiaren bitartez.

Izena eman nahi dutenek Enkarterrialderen webgunean (enkarterrialde.eus) eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko dute, azaroaren 18a baino lehen.

 

 

 

 

Leave a Reply