Eskualdeko nekazaritza-elikagaien sektorean berritzaileak diren jarduketak bultzatuko ditu proiektu berri honek

Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu du Balmasedako Udalarekin batera martxan jarritako LGAren proiektua, lankidetzan berrikuntza sustatzeko Elkarlanean 2019 programaren barruan, Enkarterriko nekazaritza-elikagaien sektorean ekintzailetza- eta berrikuntza-aukerak sortzeko lan-ildo estrategiko berri bat bultzatzeko asmoz.

ENKARTERRI OPEN LAB 2019ko irailean sortu zen, nekazaritza-elikagaien sektorean berrikuntza-aukerak aurkitzea errazteko asmoz, alderdi hauen bitartez: elikagaigintzaren balio-katean parte hartzen duten eragileen artean batasunak, loturak eta elkartasuna sortuz, tokiko produktuak kontsumitzaileengana hurbilduz eta Enkarterri lurralde berritzaile bihurtzearen aldeko apustua eginez, betiere, gastronomia, elikadura eta bizitza osasuntsua garapen-ardatz hartuta.

Konektatzeko, elkartzeko, eraldatzeko eta berritzeko topagunea da; bertan, sektore honetan ekimen berriak bultzatuko dira, bai eta ekintzailetza-aukerak sortu ere.
Enkarterriko herri horretan gaur —alegia, Putxera Eguna ospatu den egun berean— aurkeztu den proiektu honen helburu nagusia balio-kate osoan nekazaritza-elikagaien aldeko berrikuntza egitea da, ekoizpena, eraldaketa, banaketa, merkaturatzea eta kontsumoa aintzat hartuta, bai eta Enkarterri Lurralde Osasuntsua ekintzagune hartuta ere, jarduketa guztietan.
Nekazaritza-elikagaien sektorearekin lotutako eskualdeko jasangarritasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenari lotutakoa sustatzea da Etorkizunean egingo diren jarduketa horien xedea. Horretarako, eta KIS —Konektatu, Inspiratu eta Sortu— ereduari jarraikiz, zenbait jarduketa egingo dira hurrengo hilabeteetan.

Enkarterri Open Lab eta beste jarduketa batzuk

Proiektuaren lehenengo jarduketa Enkarterri Open Lab Bootcamp izango da, eta Balmasedan egingo da, azaroaren 27an, 28an eta 29an, DOT S. Coop.en eskutik. Enkarterrin egingo den nekazaritza-elikagaien alorreko berrikuntzari buruzko lehenengo bootcampa izango da, eta berrikuntza-proiektuak lantzeko plataforma bihurtuko da, honako hauek oinarri hartuta: gastronomia, nekazaritza, osasuna, ongizatea eta jasangarritasuna. Horrez gainera, printzipio hauek ere erabiliko dira: berrikuntza irekia, produktuen diseinua, tokiko garapena eta eraldaketa digitala. Aurkezpenean, nekazaritza-elikagaien sektoreko enpresa guztiei deitu zaie, bootcampean izena eman dezaten.

Hurrengo jarduketetako bat Enkarterri Open Lab/Bizi izango da, eta horren xedea izango da bisitak egiteko eta kasu arrakastatsuen inguruko prestakuntza jasotzeko jardunaldiak eta jarduerak antolatzea, zenbait erakunde aliaturekin batera, hala nola Hazi Fundazioarekin, Elikarekin edo Leartikerrekin, 2020. urterako eskualdeko landa-garapenerako planean jasotako Garapen Jasangarriko Helburuak bete ahal izateko. Hori guztia dela-eta, RIS3 jardunaldi bat egingo da laster, Balmasedan.

Horrez gainera, ekimen horren baitan, Enkarterri Open Lab/Fest egingo da, eta horren helburua izango da nekazaritza-elikagaien sektorean balio handia duten proiektuak aditzera ematea. Horretarako, Enkarterri Open Lab 2020 proiektuaren sarien lehenengo edizioa egingo da 2020ko lehenengo seihilekoan, eskualdean erreferente izan diren ekimenak saritzeko asmoz, hain zuzen ere, elikadurari, ongizateari, eragin sozialari eta Enkarterrik lurralde osasuntsu gisa dituen balioak hedatzeari lotutako ekimenak.

Dagoeneko hasi da Enkarterri Open Lab, Balmasedan, eta, hala, poza piztuko duen proiektu berritzaile bat abiarazi da, zeinaren xedea den Enkarterrietako nekazaritza-elikagaien sektoreari zuzendutako jarduketak sendotzea. Balmasedako Putxerako Kofradia efemeridea baliatu da arroz-esnea dastatzea eskaintzeko, eta, hala, amaiera eman zaio aurkezpenari.

Leave a Reply