Euskadiko Elikaduraren Clusterra eta Eroski taldea izango dira Enkarterri Open Lab/Bizi jardunaldien ardatz, martxoaren 17an eta 26an

Enkarterrialde landa-garapenerako elkarteak, Balmasedako Udalarekin batera, nekazaritzako elikagaien sektoreko berrikuntzari buruzko bi jardunaldi antolatuko ditu martxoan zehar, Enkarterri Open Lab/Bizi programaren barruan.

ENKARTERRI OPEN LAB 2019ko irailean sortu zen, nekazaritza-elikagaien sektorean berrikuntza-aukerak aurkitzea errazteko asmoz, alderdi hauen bitartez: elikagaigintzaren balio-katean parte hartzen duten eragileen artean batasunak, loturak eta elkartasuna sortuz, tokiko produktuak kontsumitzaileengana hurbilduz eta Enkarterri lurralde berritzaile bihurtzearen aldeko apustua eginez, betiere, gastronomia, elikadura eta bizitza osasuntsua garapen-ardatz hartuta.

Proiektuaren lehen jarduera iazko azaroan egin zen, Bootcamp izenarekin, eta oso arrakastatsua izan zen, parte-hartze orokorrari zein eragile parte-hartzaileen inplikazioari dagokionez.

Horren ondoren, martxoan, Enkarterri Open Lab/Bizi dator. Funtsean, kasu arrakastatsuei buruzko bi prestakuntza-jardunaldi egitea du helburu, nekazaritzako elikagaien balio-kateari lotutako pertsonak eta ekimenak konektatzeko.

Lehendabiziko bilera martxoaren 17an (asteartea) izango da, Balmasedako Horcasitas jauregian, 11:00etatik 13:30era, Euskadiko Elikaduraren Clusterreko arduradunen eskutik. Plan estrategiko berria ezagutzera emateaz gain, kontsumo joerak eta esperientzia arrakastatsuak ezagutuko ditugu. Bestalde, parte hartzen duten Enkarterriko ekimenek euren proiektuak aurkeztu eta Clusterrarekin eta bere jarduerekin harremanak estutzeko aukera izango dute.

Beste jardunaldia espazio berean eta ordutegi berean egingo dute, martxoaren 26an. Oraingo honetan, topaketaren protagonistak Eroski taldeko arduradunak izango dira, eta zuzenean emango dituzte ezagutzera bertako produktua sustatzeko estrategia eta egun lantzen ari diren proiektuak.

Hauxe izango da bi jardunaldien egitura: alde batetik, hizlariek azalpenak emango dituzte, eta, bestetik, parte hartuko dutenekin solasean arituko dira, beren kezkak, proposamenak eta beharrak azaltzeko.

Bi topaketa horietara joateko izena eman behar da, Enkarterrialdeko webgunean (www.enkarterrialde.eus) edo formularioen bidez:

Martxoak 17.  Izena eman hemen.

Martxoak 26. Izena eman hemen.

Bootcamp-aren eta Enkarterri Open Lab/Bizi topaketaren ostean, ekimen horren baitan, Enkarterri Open Lab/Fest egingo da, eta horren helburua nekazaritza-elikagaien sektorean balio handia duten proiektuak aditzera ematea izango da. Horretarako, maiatzean Enkarterri Open Lab 2020 sarien lehenengo edizioa egingo da, eskualdean erreferente izan diren ekimenak saritzeko asmoz; hain zuzen ere, elikadurari, ongizateari, eragin sozialari eta Enkarterrik lurralde osasuntsu gisa dituen balioak hedatzeari lotutako ekimenak sarituko dira.

 

 

 

Leave a Reply